"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bertan egon ez arren, Kepa Junkera izan zen atzo Victoria Eugenia antzokian ospatu zen EITB Galako protagonista nagusia. Telebista publikoak bere 40. urtemuga ospatzeko aukeratutako leloak, ‘Batzen gaituzten emozioak’, inoiz baino zentzu gehiago hartu zuen atzoko ekitaldian. Izan ere, Fermin Aiok idatzi eta zuzendu duen Kepa Junkera berpiztu film dokumentalaren aurre-estrainaldia trikitilari bizkaitarrari omenaldi xume bihurtu zen. Aurpegi ezagun ugarik zapaldu zuten alfonbra gorria, antzokiaren kanpoaldean bildutako ikusleen gozamenerako, eta barruan egoteko aukera izan zuten ikusleek une hunkigarriak bizi zituzten, hasieratik bukaerara.
Aurkezleak adierazi zuenez, “bide berriak urratu eta erakutsi ditu Kepa Junkerak eta Euskal Herria eta soinu txikia, trikitixa, mundu osoan ezagutarazi duen pertsona izan da; horregatik eta Euskal Herriko musikaririk handienetako bati eskerrak emateko elkartu gara hemen gaur”. Kepa Junkerak 40 urtetan 30 disko egin zituen 2018ko abenduaren 6an, kontzertu baten ondoren, iktus bat izan zuenarte. “Bat-batean, diskrezio osoz, isildu egin zen, baina hortxe dago eta gaur hori ikustera etorri gara; ikusi eta entzutera, oraindik zeresan handia emango duen pertsona eta sortzaile baten aurrean gaudelako”, gaineratu zuen.
EITB Galan musikariari buruzko dokumentala proiektatu aurretik, Eneko Goia Donostiako alkateak 2020ko Adarra saria eman zien Junkearen senideei, bilbotar musikariak ezin izan baitzuen orduan jaso. “Aukera
ezin hobea daukagu gaur duela bi urtez geroztik dugun zor bat kitatzeko”, adierazi zuen alkateak, “Adarra saria gordeta izan dugu aukera iristeko zain eta pentsatu dugu garaia zela saria bere irabazleari helarazteko, gu guztion esker onarekin eta maitasunarekin batera”. Trikitilariaren ibilbidea goraipatzeaz gain, bizitzak jarri dion “aldapa malkartsua” ere igo duela-eta eredugarritzat jo du Goiak: “Adarra Saria urtez urte euskal musikaren izarren konstelazioa osatzen ari da eta gaurtik Aurrera zeru horretan badugu beste izar bat. Zorionak, Kepa! Eutsi! Ziur naiz hemen gauden guztion desioa dela berriz ere zuzenean zure maitasunaz gozatzeko aukera izatea”.
Kepa Junkeraren ama, Kontxa Urraza, eta haren hiru seme-alabak igo ziren oholtzara, saria jasotzera. Kerman Junkerak aitak idatzitako mezua irakurri zuen, hunkituta: “Eskerrik asko danori, gogoratzeagatik. Hondartzako futbolaz maiteminduta nago, baita ezagutu eta sentitu ahal izan nuen Atotxa futbol zelai zaharraz, oso berezia zen, Gipuzkoa osoa den bezalaxe. Satrustegi, Zamora, Idigoras, Kortabarria, Gorriz, Martinez... eskerrik asko! Zumaia eta bere flysch-a. Gipuzkoa oso inportantea da nire bizitzan, bertako musikariak bezalaxe: Laja, Landakanda, Epelde, Iturbide, Auntxa, Elustondo eta abar, ezin denak aipatu. Ez badirudi ere, Athletic zalea naiz!”.
Irene Elorza Gereño