"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ditxosozko pandemiaren ondorioz bi urtez kenduta egon ondoren, Belodromoak ateak irekiko ditu berriro, zinemaren eta musikaren munduko persona garrantzitsu ugariren partaidetzarekin. “Belodromoa berreskuratzea normaltasunera itzultzea baita”, adierazi du José Luis Rebordinosek, eta horren seinale bertan programatu diren hiru estreinaldi garrantzitsu: Leon de Aranoaren dokumentala Sintiéndolo mucho, hamar urtez Joaquin Sabinari jarraitzen; Paco Leonen Rainbow, oso berezia, desberdina; eta, noski, euskaldun askok irrikaz espero duten Fermin Muguruzaren Black Is Beltza II: Ainhoa animaziozko filma.
Horiez gain, ikasleentzako zinema itzuliko da Belodromora; eta, arestian aipatutako saioak gutxietsi gabe, ez dago gauza ederrago eta emozionalagorik goizero belodromoa 2.500 haurrekin beteta ikustea baino.
Hala, Belodromoak bihar irekiko ditu bere ateak, Sintiéndolo mucho lanarekin. Fernando León de Aranoak Joaquín Sabina kantautoreari buruz egindako dokumental horren aurkezpenean, gainera, Sabina bera eta Leiva musikaria izango dira zuzendariari lagun egiten.
Egun bat geroago, larunbatean, Rainbow filmaren txanda izango da, Ozeko aztia film klasikoari Paco Leónek egindako begiradaren protagonistak, Ayax Pedrosa eta Wekaforé, eta aktore-zerrendako Carmen Maura, Carmen Machi, Luis Bermejo eta Hovik Keuchkerian bertan izango direlarik.
Azkenik, festibalaren azken-aurreko egunean Muguruza musikari eta zinemagileak Black is beltza II: Ainhoa bere animaziozko film berria aurkeztuko du, eta, pertsonaiei ahotsa jartzen dieten hainbat aktore izango dira aurkezpenean: Maria Cruickshank, Itziar Ituño, Antonio de la Torre, Ariadna Gil eta Darko Peric.
Robotika hizpide
Pandemiak markatutako azken bi urteotan, Belodromoko haurrentzako saioak formatu birtualean egin dira ikasgeletan, baina aurten Belodromora itzuliko da handitasunez Ikastetxeak Belodromoan izenarekin, festa-espiritua berreskuratzen duen eta haurrak harritzea espero duen proposamen batekin.
Belodromoko pantaila erraldoiak Eric Tostik zuzendutako Terra Willy: planeta ezezaguna animaziozko filmaren emanaldia barnean hartuko du. Istripu espazial baten ondoren, planeta ezezagun batean bizirik iraun behar duen eta, horretarako, robot baten eta izaki estralurtar baten laguntza izango duen haur bati buruzkoa da filma, euskarara bikoiztua. Filmaren emanaldiak robot sozialen –hots, gizakiarekin elkarreragin eta komunikatzeko eta, horrenbestez, gizakiei bizitza hainbat alderditan errazteko diseinatutako roboten– inguruko aurkezpen labur eta original bat izango du, Terra Willy filmeko robota halakoa baita.
Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldearen partaidetza eta lankidetza izango du jarduerak; Elena Lazkano irakasle eta ikertzailea da, Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikari eta ikerlariek ere osatutako taldearen buru.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola- -zinemako saioek DIPC eta Euskadiko Filmategiaren laguntza dute. Aurten, eta jarduera jada ohiko formatura itzuliko dela, irailaren 16an (ostirala) goizez, eta 19tik (astelehena) 23ra (ostirala) egingo dira saioak.
Sergio Basurko