"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Johnny Depp aktore estatubatuarrak bart iluntzean jaso du aurtengo bigarren Donostia saria, Kursaalean egindako gala batean. Depp trajez jantzita eta bere txapel bereizgarriarekin agertu da eszenatokian eta harrera egin dioten musikariak agurtu ditu ezer baino lehen.
Saria Jose Luis Rebordinosen eskuetatik jaso ondoren, “benetan eskertuta nago, ohorea da sari hau jasotzea, eta oso apal sentitzen naiz”, aitortu du. “Arrazoi bakar batengatik nago hemen –jarraitu du esaten–, jendearengatik, zinema pertsonentzat delako. Usteko banu ni hemen egotea inor mindu lezakeenik, kezkatuta egongo nintzateke”.
Eta beste behin ere Zinemaldiari eman dizkio eskerrak: “Batez ere gogoan izan dut Zinemaldiak nola babestu nauen; Jose Luisek, Donostiako alkateak... “Errespetu handia diot zinemaldi honi, ez dagoelako itxurakerietan oinarrituta, filmetan eta zinemagileetan baizik”, ziurtatu du.
Azkenik, ez da ahaztu aurtengo lehen Donostia sariduna zoriontzeaz, Marion Cotillard, Public Enemies filmean elkarrekin jardun zutela gogoratu duelarik.