"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Isabel Peña (Zaragoza, Espainia. 1983) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta ECAMen, berriz, Gidoigintza espezialitatean. Zineman egin zuen lehen lana Stockholm (2013) izan zen, Rodrigo Sorogoyenekin batera idatzi zuena, eta gidoilari berri onenaren Zilarrezko Biznaga eman zieten biei Málagako zinema-jaialdian. Harrezkero, elkarrekin idatzi dituzte honako film hauek: Que Dios nos perdone (2016), Donostia Zinemaldiko gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria; El reino (2018), zeinarekin berriz ere lehiatu baitziren Donostiako Sail Ofizialean, jatorrizko gidoi onenaren Goya saria irabazteaz gain; eta Madre (2019), Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean aurkeztua eta egokitutako gidoi onenaren Goya sarirako izendatua. Orobat, Antidisturbios (2020) telesailaren sortzailea da Sorogoyenekin batera (Donostiako Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo eman zen telesaila eta Peñak ekoizpen exekutiboan ere parte hartu zuen). Sorogoyenekin egingo duen hurrengo filma udazken honetan hasiko da grabatzen eta gaur egun bere hurrengo telesail-proiektuan ari dira lanean. Aldian behin, halaber, irakasle gisa egiten du lan ECAMen, ESCACen eta beste zenbait zinema-eskolatan, baita eta Salamancako Unibertsitateko Gidoigintza Masterrean ere.