"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jorge Cantosek (Madril, 1987) Take away (2016) film laburrarekin amaitu zituen ECAMeko ikasketak, eta Málagako jaialdian estreinatzeaz gain, FICUNAMen (Mexiko) film labur onenaren saria ere jaso zuen lan horrek. Fikziozko bere bigarren film laburra Günst ul vándrafoo (Ráfagas de vida salvaje, 2019) izan zen, eta Grand Prix saria lortu zuen Clermont-Ferrandeko jaialdiaren LABO sailean, baita zuzendari onenaren Zilarrezko Biznaga Málagako jaialdian eta film labur nazional onenaren saria Mecalen ere, besteak beste. Dantza eta gorputzaren inguruko Georges & Jules lanaren arduraduna ere bada, Kor'sia konpainiarekin batera zuzendua. Dôtenh (Dudas, 2015), Pròt (Poda, 2016) eta Utopiazaleek bakarrik bizirik iraungo dute (Solo sobrevivirán los utopistas, 2018) dokumentalak zuzendu ditu; azkenekoa NESTek enkargatuta zuzendu zuen. Azken urtean, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egonaldi-programaren barruan garatu du bere lehen lana izango dena, Los vagabundos. Gaur egun Se nos hizo de noche film laburraren filmaketa prestatzen ari da; Cinemajove jaialdian Movistar+ Proiektu Laburraren Saria irabazi du proiektu horrekin.