"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Suzanne Lindon (Paris, 2000) Henri IV institutu frantsesean sartu zen 2015ean, eta urte horretan bertan Seize printemps (Spring Blossom) filma idazten hasi zen; New Directors sailerako hautatu zen filma iazko Donostia Zinemaldian. Ohorez graduatu zen institutuan 2018an, eta prestatzeko marrazketa-ikastaro bat, urtebetekoa, egitea erabaki zuen Parisko École Nationale Supérieure des Arts Décoratifs ikastetxean sartu aurretik. 2019an, 19 urte bete zitueneko udan, bere lehen film luzea prestatzen hasi zen, zuzendari eta aktore nagusi gisa. Datorren udazkenean aktore gisa ikusiko dugu Valeria Bruni-Tedeschi eta Arnaud Desplechinek zuzendutako En thérapie BeTipul telesail israeldarraren film-egokitzapenean.