"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lila Avilés (Mexiko Hiria, 1982) zinema-zuzendari, gidoigile eta ekoizlea da, eta aintzatespen handia lortu zuen bere lehen film luzearekin −La camarista (2018)−, eta 2020an Oscar eta Goya sarietan Mexiko ordezkatzeko hautatu zuten filma. Filmak Donostia Zinemaldiko New Directors sailean parte hartu zuen, mundu osoko laurogei lehiaketatan baino gehiagotan egon zen eta harrera ona egin zion prentsak. Filmagatik sari ugari jaso ditu egileak nola Mexikon hala nazioartean; besteak beste, Mexikoko Arte eta Zinematografiaren Akademiak Lehen Lan Onenaren Ariel Saria eman zion, Amsterdamgo World Cinema jaialdiko Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen, Lehen Lan Onenaren Platino Saria eman zioten eta Habanako zinema-jaialdian Epaimahaiaren Koral Berezia jaso zuen. Epaimahaikide izan da Moreliako nazioarteko zinema-jaialdian (Mexiko, 2019), Nespresso Talents lehiaketan (2019), FICUNAMen (Mexiko, 2020), Limako nazioarteko zinema-jaialdian (Peru, 2020) eta Antofacine Jaialdian (Txile, 2020). Gaur egun, bere bigarren filmaren posprodukzio-fasean dihardu.