"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
María Zamora (Valentzia, Espainia. 1976) ekoizlearen lehen lanak Vera Fogwill eta Martín Desalvoren Las mantenidas sin sueños (2005) eta Federico Veirojen Acné (Horizontes Latinos, 2008) koprodukzio latinoamerikarrak izan ziren.
Zuzendari espainiarren lehen lan ugari ekoitzi ditu, hala nola David Planellen La vergüenza (2009), León Siminianiren Mapa (2012), Beatriz Sanchísen Todos están muertos (2014), Nely Regueraren María (y los demás) (New Directors, 2016), Carla Simónen Verano 1993 (2016) eta Nuria Giménez Lorangen My Mexican Bretzel (2019). Halaber, Javier Rebolloren La mujer sin piano (Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, 2009), León Siminianiren Apuntes para una película de atracos (New Directors, 2018) eta Carlos Marqués-Marceten Los días que vendrán ere ekoitzi ditu Zamorak, besteak beste.
Bere azken ekoizpenen artean hauek daude: Libertad (2021), Clara Roquetek zuzendutako lehen filma, berriki Cannesko Semaine de la Critique sailean estreinatua; eta ¿Qué hicimos mal?, Liliana Torresen bigarren filma, 2021eko udazkenean estreinatuko dena. Alcarrás Carla Simónen bigarren luzearen filmaketa amaitu berri da, eta Matria Álvaro Gagoren lehen lana aurreprodukzio-fasean dago. Gainera, ekoizlea honako hauen garapenean dihardu gaur egun: Paula Ortizek zuzendutako La Virgen roja film luzea; La mitad de Ana, Marta Nietoren debuta zuzendaritzan; eta Elena Martínen bigarren filma, Creatura.