"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aitor Arregi (Oñati, Gipuzkoa. 1977) Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko kidea da; 2001ean fundatu zuen etxea beste 4 bazkiderekin batera. Arregiren lan-ibilbidea konpainia horrekin lotuta egon da beti, eta askotariko eginkizunak gauzatu izan ditu bertan, besteak beste, gidoigintza, zuzendaritza eta ekoizpena.
2007an Jose Mari Goenagarekin batera idatzi eta zuzendu zuen Lucio. Geroago, 2013an, Loreak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga) filmaren gidoian eta ekoizpenean parte hartu zuen, eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen lan horrekin, film onenaren eta jatorrizko musika onenaren Goya sarietarako izendapenak jasotzeaz eta Oscarretarako lasterketan Espainiaren ordezkari izateaz gain. 2017an, Handia idatzi eta zuzendu zuen Jon Garañorekin batera, eta Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria irabazi zituen obrak Donostia Zinemaldian, baita 10 Goya sari ere. 2019an, Garaño eta Goenagarekin batera, La Trinchera infinita zuzendu zuen; filmak sari ugari eraman dituen: zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eta FIPRESCI saria Donostian; film onenaren Forqué saria; eta bi Goya sari; halaber, Oscar sarietarako hautagai espainiarra izan zen filma.