"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Susi Sánchez (Valentzia, Espainia. 1955) zineman, antzerkian eta telebistan ibilbide luzea izan duen aktorea da.
Pedro Almodóvarren azken ekoizpenetan parte hartu du: La piel que habito (2011), Julieta (2016) eta Dolor y gloria (2019). 2019an emakumezko aktore protagonista onenaren Goya saria irabazi zuen La enfermedad del domingo pelikulagatik (Ramón Salazar, 2018). Salazarrekin batera lan egiteari esker, orobat, taldeko emakumezko aktore onenaren Goya saria irabazi zuen 2013an, 10.000 noches en ninguna parte filmagatik. Nazioarteari dagokionez, nabarmentzekoa da La teta asustada (Claudia Llosa, 2009) film sarituan parte hartu zuela.
Sánchezen azken lanen artean daude Vasil (Avelina Prat, 2020), Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azúa, 2021) eta Dolores Redondoren "Baztango trilogiaren" zinema-egokitzapenaren hiru atalak, Fernando González Molinak zuzenduak: El guardián invisible (2017), Legado en los huesos (2019) eta Ofrenda a la tormenta (2020).
Antzezlearen profesionaltasuna eta talentua nabarmen aintzatetsi izan dira lanbidean: Unión de Actores sindikatuaren hainbat sari jaso ditu nola zineman, hala telebistan eta antzerkian egindako lanagatik, eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Max saria ere eskuratu zuen, Cuando deja de llover lanagatik, 2014an.