"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Dea Kulumbegashvilik (Georgia, 1986) zinema-zuzendaritza ikasi zuen Columbia Universityn, New Yorken. Ukhilavi sivrtseebi (Invisible Spaces, 2014) zuzendu du, Cannesko jaialdiko film laburren sail ofizialean lehiatu zena, baita Léthé (2016) ere, Quinzaine des Réalisateurs atalean parte hartu eta mundu osoko lehiaketan erakutsi zena. Dasatskisi (Beginning), bere lehen film luzea Cannesko jaialdiaren 2020ko hautaketa ofizialaren parte izan zen, nahiz eta edizio hori bertan behera utzi zen covid-19aren eraginez, baina azkenean Donostia Zinemaldian lehiatu zen, non film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zituen. Aurretik, Dea, proiektu horrengatik, Cannesko Cinéfondation egonaldi-programara eta Jerusalemeko Sam Spiegel International Film Lab laborategira gonbidatu zuten, non sari bat jaso zuen, baita Sofia Meetings topaketan ere; halaber, Hubert Bals Fund funtsaren laguntza ere jaso zuen Rotterdameko jaialdian. Filmak, gainera, FIPRESCI saria lortu zuen Torontoko jaialdian, Oscar sarietarako lasterketan Georgia ordezkatzeko aukeratua izateaz gain.