"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskal Zinema Galan ikusi ahal izango da Asier Altunaren Hondalea: abismo marino, gaur. Urtero bezala, Victoria Eugenia antzokian ospatuko da euskal zinemaren jaia. Proiekzioaren aurretik, Zinemira Saria jasoko dute Kimuak programako egungo ordezkariek, Txema Muñozek eta Esther Caberok.
Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari egiten dioten aitortza da Zinemira Saria. Aurten, Zinemaldiak eta ekoizleen elkarteek Kimuak euskal film laburrak babesteko programari omenaldia egitea erabaki dute, Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak bultzatutako programari, hain zuzen. Ekimena 1998an hasi
zen, film laburrak banatzeko orduan zegoen gabeziari erantzuteko asmoz. Orduz geroztik, euskal film laburrak Espainiako estatuan eta nazioartean sustatu eta zabaldu dituzte, eta 23 urte geroago helburu horiek izaten jarraitzen du.
Irene Elorza