"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aurtengo Zinemira saileko filmetako protagonistak hezur eta haragi egin ziren, atzo, Victoria Eugenian ospatu zen Euskal Zinemaren Galan. Pandemic Tour 2020 Belako filmeko izarrak izan ziren teloia altxatzen, hirukote formatuan euren musika zuzenean jotzen. Ondoren, Irizar Sarirako hautagiak diren fikziozko eta ez-fikziozko filmetako hainbat protagonistek egin zituzten euren filmen aurkezpen laburra.
Hasteko eta behin, Maixabel, Bolante baten historia eta Paperezko hegoak filmetako ardatz diren Maixabel Lasa, Eneko Etxeberria eta Martxelo Otamendik hartu zuten hitza. Ahanzturaren kontra film eta dokumentalak egitearen garrantzia azpimarratu zuten. Segidan, Aitor Merino, Maru Solores eta Maider Oleaga zuzendariek euren dokumentalak aurkeztu zituzten jendaurrean, Fantasía, Aztarnak eta Kuarkt Valley, hurrenez hurren.
Erlauntza film koraleko aktoreek umorearen eztena sartu zioten galari eta Kimuak programari saria eman aurreko bideoa aurkeztu zuten. Bertan, hasiberriak zirenean Kimuaken parte hartu zuten aurpegi ezagun ugarik (Cobeaga, Hernández, Serra, Moriartitarrak, Almandoz, Malo, Vicario, Herguera eta Altuna) programaren garrantzia azpimarratu zuten eta bultzatu dutenei esker ona adierazi zieten. Haietako bi, Borja Cobeaga eta Jone Hernández, oholtzara igo ziren Kimuakeko gaur egungo ordezkariei Zinemira Saria ematera. Txalo zaparra artean jaso zuten garaikurra Txema Muñozek eta Esther Caberok. Biek ala biek programa posible egin duten rakunde publiko zein pribatu eta gizabanako guztiak izan zituzten gogoan.
Asier Altunaren Hondalea: abismo marino dokumental berria proiektatu aurretik, Belakok The Craft abestu zuen: “Gurea da boterea eta orain da unea” hitzekin bukatu zen gala.
Irene Elorza