"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Egun bizitzen ari garen krisiegoeran, egiten dakitena emateko betebeharra eta erantzukizuna sentitu dute Kukai Dantza taldeko zuzendari Jon Mayak eta Arena Comunicacióneko Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina zuzendariek. 2016an elkar ezagutu zuten, Oskara film luzea elkarlanean sortu zutenean. Oraingoan, pandemiak eragindako errealitateak bultzatuta, zerbait erabilgarria egiteko helburuarekin elkartu eta Bizimina proiektua burutu dute. Bidean, beste ohiko lagun batzuk batu zaizkie eta horren guztiaren emaitza da atzo estreinatu zuten dokumental hibridoa. “Publikoarekin partekatu nahi genuen lana, islatuta eta elkartuta sentitzeko”, adierazi dute egileek.
Bizimina filmean, pieza independente batzuen bidez, kontakizun bat osatzen da, eta bertan topatzen dute elkar gaurkotasun handiko hainbat kontzeptuk: distantzia, besteen falta sumatzea, grina, komunitate-sentimendua, ezintasuna, isolamendua, nahasmena, itxaropena.