"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ia urtebete lanean; hogei aste filmatzen Euskadin eta atzerrian; laurogei elkarrizketatu baino gehiago, tartean Gobernuko lau presidente ohi; eta Guardia Zibilak emandako terrorismoaren aurkako operazioen inoiz ikusi gabeko irudiak; hauek, besteak beste, El desafío: ETA telesail dokumentalaren bermea, zeinean ETA erakundearen historia kontatzen den, 1968an lehen aldiz norbait hil zutenetik 2018an desegin zen arte.
Benetako pertsonek lehen pertsonan kontatua, erakunde armatuari politikoki eta polizialki aurre egin zioten espainiar gobernuko lau presidente ohiri (Felipe González, José María Aznar, José Luis Rodríguez Zapatero eta Mariano Rajoy) eginiko elkarrizketa luzeak biltzen ditu telesail dokumentalak. Halaber, Garaikoetxea eta Ardanza lehendakari ohiek, Fernando Almansak –Errege Etxeko buru izandakoak–, hainbat kazetarik, Guardia Zibileko goi-agintariek (Manuel Sánchez Corbi barnean hartuta) eta ETAko kide ohi batzuek ere euren ikuspegia ematen dute. “Denek agertu behar zuten benetako istorio bat kontatzen saiatu gara. Pasarterik ilunenak ere islatuta daude. Ez dugu bisturirik sartu”, ziurtatu du Hugo Stuven zuzendariak, eta gaineratu du “lan eskerga izan da, ahitzeko modukoa”.
Amazon Primek urriaren 30ean estreinatuko duen zortzi ataleko telesaila “errespetu handiz eta ahalik eta testigantza- sorta zabalena” eskaintzeko asmoz egina badago ere, ezinbestean sortuko du eztabaida: “Inozo hutsak izango ginateke gatazkatsu suertatuko ez dela pentsatuko bagenu”, onartu du Luis Velo ekoizleak.
Sergio Basurko