"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Urtero legez, Victoria Eugenia antzokian ospatu zen atzo Euskal Zinemaren Gala. Bertan, Sara Bilbatua casting zuzendari eibartarrak Zinemira saria jaso zuen eta antzokian bildutako ikusleek Bizimina filmaren estreinaldiaren lekuko ere izan ziren.
Mikel Laboaren ‘Antzinako bihotz’ pieza dantza taupada bihurtuta hasi zen gala, euskal zinemagintzaren berezko izaeraren metafora gisa. Sarrerakoak igarota, Sara Bilbatuari omenaldia egin zitzaion presentzialki zein bideo bidez. Izan ere, casting zuzendariaren lankide eta lagun ugarik bidalitako bideoak ikusi ahal izan ziren antzokiko pantaila erraldoian. Jaime Rosales, Chus Gutiérrez, Guillermo del Toro, Juanma Bajo Ulloa eta Carlos Vermut zuzendariek, Esther García ekoizleak, Josean Bengoetxea aktoreak eta Espainiako Zinema Akademiako presidente Mariano Barrosok errespetuzko eta maitasunezko hitzak eskaini zizkioten Bilbatuari.
Sara Bilbatuak Aizpea Goenagaren eskutatik jaso zuen Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteek euskal zineman nabarmena izan den pertsona bati ibilbidea aitortzeko ematen dioten ohorezko saria.
Merezimendua jasotzean, lehenik eta behin, CIMA (Asociación de Mujeres Cineastas de Medios Audiovisuales) izan zuen gogoan Bilbatuak “emakumeak bultzatzeagatik eta komunikabideetan ikusgarri egiten laguntzeagatik”. Orohar, emakumeak zineman lan egitera animatu zituen, batik bat idazle moduan. “Oso inportantea da gure gizartea hobetzeko”, adierazi zuen. Besteak beste, Xabi Bandiniren eta Kukai Dantza Taldearen aktuazioekin osatu zen Euskal Zinemaren Gala.
Irene Elorza