"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Distantzian eta zinema aretoetara itzultzeko premian egin da azpimarra Zinemaldiaren urte arraro honen irekiera galan. Eta horrela izan da hasieratik, besaulkien artean hasi eta eszenatokian amaitu den musika emanaldiarekin, zeina Miren Gaztañaga eta Cayetana Guillen Cuervo aurkezleei paso emateko baliatu den. Zinema eta dantza oso presente egon dira uneoro.
Umorerako tarteak ere izan dira, Gorka Aguinagalde aktoreak Willem Dafoe protagonista duen aurtengo kartela komentatu duenean bezalaxe: “Bere aurpegiarekin txanponak egiteko gogoa ematen du, euskal soslai argia du, oso baserritarra”.
Ekitaldia serioago jarri da Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosen agerraldiarekin: “Pandemiak hainbat pertsona eta familia kolpatu ditu aurten, baita zinema ere. Duela aste batzuk, Europako zortzi jaialdi elkartu ginen Venezian, zinemarekin dugun konpromisoa berresteko eta esperientziak partekatzeko; finean komunitate solidario bat garela adierazteko”. Zinemaldiko zuzendariak zinema- aretoek “filmak ikusteko lekurik onena” izaten jarraitzen dutela defendatu du.
Jarraian, Thierry Frémaux Canneseko Zinemaldiko zuzendariak hartu du hitza: “Harro egoteko modukoa da hemen egotea, munduko jaialdirik garrantzitsuenetako batean. Urtero egiten den topaketa oso garrantzitsua da mundu mailako zinemaren industriarentzat. Mundu honetako adiskidetasuna erakusten du. Zinema-aretoak arriskuan dira aspaldion baina garrantzitsuak dira, gure historiagatik, gure kulturagatik eta gure etorkizunagatik. Zinema ez da inoiz hilko”.
Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko atal bakoitza aurkezteko tartea ere izan da. Esaterako, Andoni Luis Aduriz sukaldariak Culinary Zinema zikloa iragarri du. Horrez gain, Sail Ofizialeko epaimahaikideak, Luca Guadagnino presidentea buru zutela, taularatu dira.
Ekitaldia amaitzeko, Woody Alleni grabaturiko bideo bat proiektatu dute. Lehenik eta behin, barkamena eskatu du Donostian ezin izan delako egon, bere nahia zen bezala, “eta jaialdi zoragarri honetara itzuli. Joateko itxaropena nuen, baina dena pikutara joan da pandemia honengatik”.