"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Belén Funes (Bartzelona, Espainia. 1984) Fikzio Zuzendaritzan graduatu zen 2008an, ESCACen. Geroago Kubara joan zen eta zinemarako idazketako masterra egin zuen EICTV San Antonio de los Baños eskola ospetsuan. 2015ean bere lehen zuzendaritza-lana egin zuen Sara a la fuga film laburrarekin, eta Málagako Zinema Espainiarraren Jaialdian estreinatu zuen film labur hori, non Zuzendari Onenaren eta Film Labur Onenaren Zilarrezko Biznaga saria lortu zituen. 2017an, SEMINCIk bere bigarren film laburra –La inútil izenekoa– estreinatu zuen, Film Llabur Onenaren sarirako izendatua izan zena Premis Gaudi de l’Acadèmia del Cinema Català sarietan. 2018an Torontoko Zinema Jaialdiko Talentu Laborategian (TIFF) aukeratu zuten bere lehen film luzerako (La hija de un ladrón) gidoia garatzeko. Funesen lehen film luze hori 2019an estreinatu zen Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Greta Fernándezek. Hiru Gaudí sari ere irabazi zituen, baita Zuzendari Berri Onenaren Goya saria ere. Belénen lanak zinema-jaialdi ugaritan ikusi ahal izan dira, besteak beste hauetan: Palm Springs, Cairo International Film Festival, BFI London, Chicago International Film Festival, Thessaloniki Film Festival, Les Arcs eta Habanako zinemajaialdia. Gaur egun, bere hurrengo proiektua garatzen ari da. Proiektu hori garatzeko funtsak eman zaizkio, eta SGAEren Gidoi Laborategian sartu da.