"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Valérie Delpierrek (Monako, 1971) Inicia Films sortu zuen 2006an talentu berrien proiektuak garatzeko, betiere nazioarteko oihartzunean arreta berezia jarrita. Ordutik, fikziozko film luze, dokumental eta film labur ugari ekoitzi ditu.
Bere azken proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: B, de Bárcenas, David Ilundainen lehen filma, 2016ko Feroz Especial Saria eskuratu zuena; Estiu 1933, Carla Simón zuzendariaren opera prima, Espainiako Zinema Akademiak 2018ko Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko aukeratua eta Berlinaleko Opera Prima Onenaren Saria; eta Laura Ferrésen Los desheredados film laburra, zeinarekin Goya eta Gaudí sariak irabazi zituen bere kategorian eta Cannesko Semaine de la Critique-n ere saritua izan zen 2017an.
Aurki estreinatuko da Pilar Palomeroren fikziozko lehen film luzea, Las niñas, Berlinale 2020an hautatu zena eta Málagako zinemajaialdian Urrezko Biznaga irabazi duena, baita David Ilundainen Uno para todos bigarren film luzea ere.
Horrez gainera, bere egileen proiektu berriak garatzen jarraitzen du, hala nola Pilar Palomeroren La maternal, David Ilundainen La Paca eta Enric Ribesen Cantando en las azoteas. Horrez gain, talentu berriak ere sartu ditu, hala nola Camila Moreiras (Sine Die film labur esperimentalaren egilea) eta Álex Lora (Unicornios proiektua).
Halaber, PROA Ekoizleen federazioko, Espainiako Zinema Akademiako eta European Film Academy erakundeko kide da.