"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lena Mossumek (Malmö, Suedia. 1960) Ehungintzako Artea ikasi zuen Nyckelviksskolan (Stockholm) eskolan, Artearen Historia Stockholmeko Unibertsitatean eta Eredu Femeninoen Eraikuntza Suediako hiriburuko Tillskärarakademin ikastetxean. 2008an, Jantzien Diseinu Onenaren Goya saria irabazi zuen Las 13 rosas (Emilio Martínez Lázaro, 2007) filmean egindako lanagatik, eta sari horretarako izendatua izan da beste bi aldiz, El viaje de Carol (Imanol Uribe, 2002) eta The Man Who Killed Don Quixote (Terry Gilliam, 2017) filmetan egindako lanagatik. Besteak beste, Ken Loach (Carla’s Song, 1996), Gerardo Herrero (El misterio Galíndez, 2003), David Trueba (Bienvenido a casa, 2006), Javier Rebollo (La mujer sin piano, 2009) eta Víctor García León (Los europeas, 2020) zuzendarientzat lan egin du jantzien diseinatzaile gisa. Telesailetarako jantziak ere diseinatu ditu, hala nola Crematoriorako eta El peor programarako.