"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nest sailak, mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburren lehiaketak, 20 urte bete ditu. Hori dela eta, Donostia Zinemaldiak, lau ikasle ohi bildu zituen Tabakalerako zinema-aretoan 69. edizioan. Victor Iriartek moderatuta, Nesten izandako esperientzia eta Ikusmira Berriak edo Elias Querejeta Zine Eskola bezalako proiektuetan izandako parte-hartzea hizpide izan zuten Kiro Russo, Inês de Lima, Mina Fitzpatrick eta Óscar Vincentelli zinemagileek. Gainera, haien hurrengo proiektuei buruz hitz egin zuten.