"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldia aurkezteko prentsaurrekoan esan genuen bezala, aurreko urteetan edizio bakoitza aurkezteko erabiltzen genituen hitzak ez zaizkigu orain balio.
Pandemiak dena aldatu du eta atzorako balio zuenak gaur ez digu balio. Gauzatu ez diren filmatzeak, ekoizpenaren erdian gelditutakoak, zinema-areto itxiak, egin ezin izan diren zinema-jaialdiak…
Zinemaren industriak, ekoizpen-sektore guztiek bezala, asko sufritu du azken hilabeteetan. Horregatik, Zinemaldiaren 68. edizioa borrokarako apustu garbi gisa ospatu behar dugu, zinemari dagozkion eta merezi dituen espazioak berreskura ditzan.
Aurten zinema-aretoetara itzuliko gara filmak baldintza onenetan ikustera. Aretoetan elkartuko gara berriro, baina baita kaleetan, hoteletan, tabernetan, baita jatetxeetan ere, komunitatea sortu eta esperientziak partekatzen jarraitzeko, eta negozioa egiteko.
Malagako festibalak Espainian eta Veneziakoak nazioartean zinema-jaialdiak seguruak izan daitezkeela erakutsi dute. Bide berri bat urratu dute, guk jarraitzen duguna, gero etorriko diren jaialdiei lekukoa emateko. Itzul gaitezen zinemara.
José Luis Rebordinos