"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak (EHGEP) Euskal Gidoi Onenaren saria eman dio David Pérez Sañudok eta Marina Parések idatzitako Ane filmaren gidoiari. SGAEren Euskadiko Lurralde Batzordearen eskutik, atzo egin zen sariak banatzeko ekitaldia, Kursaalen.
Zinemaldiaren 68. edizioan aurkeztu eta euskal ekoizpena duten fikziozko luzemetraien artean hautatzen da irabazlea. Seigarren edizio honetan, oroigarri bat eta 1.500 euroko txekea jaso zituen Pérez Sañudok zuzendutako lehen lanak.
Ana Hormaetxea (gidoigilea), Egoitz Moreno (gidoigilea) eta Roberto San Sebastian (zuzendaria) euskal zinemagileek osatu dute aurtengo epaimahaia. Hormaetxeak ekitaldian adierazi zuenez, epaimahaiak Ane filmaren hainbat alderdi baloratu ditu. Batetik, gidoiak aktoreen lan ona erraztu duela, eta, bestetik, arlo sozial, politiko eta intimoan egoki harilkatutako edukia duela. “Ez da erraza hainbeste gai eta hain desberdinak ukituz nabigatzea”, azaldu zuen.
David Pérez Sañudo gidoilari eta zuzendariak Ane filmaren gidoia osatzen lagundu zioten Joanes Urkixori, Mar Colli eta Borja Cobeagari eskerrak eman zizkien. “Oso eskertuta nago lehen filma delako eta aintzat
hartu eta zerbait positiboa aurkitzen den bakoitzean, horrek lanean jarraitzen laguntzen dizulako; izan ere, zinema egiten jarraitzeko eskubidea irabaztea nahi genuen lehen filmarekin”, adierazi zuen sarituak.
IRENE ELORZA