"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Natxo Leuza zuzendari iruindarrak pribilegiotzat du Enrique Villareal ‘El Drogas’-i buruzko dokumentala protagonistarekin elkarlanean sortu ahal izatea. Leuzak 2007an ezagutu zuen musikari nafarra, Barricada taldearen 25 urteko ibilbidea jasotzen zuen DVDa filmatzen ari zela. Txantreako artista berehala iruditu zitzaion pertsona berezia eta interesgarria, eta urte batzuk beranduago, berari buruzko dokumental
biografikoa osatzea planteatu zionean eta haren baietza jaso zuenean, giza erretratu horretan ahalik eta maitasun gehiena jartzea erabaki zuen. “Enrique bihotz hutsa da, guztiari baietz esaten dio eta
sekulako erritmoa du, ez dago hari jarraitzerik”, dio zuzendariak. Artistaren ibilbide historikoan eta bizitza pertsonalean sakontzen du istorioak. Txikitatik oker ibiltzeak eman dion ikuspegi desberdinaren abantailaz ari da dokumenala. Pertsonaia bihurri honen jarduerak material ugari eskaini die Natxo Leuza eta Alejandro Garcia de Vicuña gidoilariei. “Bihotza erabat ireki eta bere bizitza kontatu digu”, dio Leuzak.