"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donald Sutherland aktore oparoak oso eskertuta jaso zuen Donostia Saria, atzo, Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosen eskutik. “Niretzat plazer bat da Euskal Herrian egotea, pozez zoratzen nago”, esan zuen 150 film baino gehiago egin dituen aktore kanadiarrak. Oscar saridunak hunkituta jarraitu zuen bere hitzaldiarekin: “Aspalditik mirestu eta begiratu zaituztet, eta sekulako errespetua daukat zuenganako; poz handia sentitzen dut gaur hemen nagoelako; Euskal Herria”. Eta hasi duen bezalaxe bukatu du hitzaldia, euskaraz: “Mila esker, Euskal Herria, Euskal Herria, Euskal Herria!”.
Kursaalen ospatu zen galaren aurkezle Edurne Ormazabalek gogora ekarri zuen moduan, film ahaztezinetan parte hartu du Sutherlandek eta historiako zinemagile garrantzitsuenekin lan egindakoa da, hala nola, Fellini, Alda, Bertolucci, Aldrich, Trumbo, Eastwood eta Chabrol. Gainera, zenbait proiektu berri dauzka estreinatzeke. Esaterako, atzoko ekitaldiaren baitan ikusgai egon zen The Burnt Orange Heresy.