"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Asteburuan zehar eta lehendabizikoz ospatu dira emanaldi isilak Zinemaldiaren baitan Okendo plazan. Larunbatean etxeko txikien txanda izan zen, eta horiek eta beraien gurasoak eguraldi ezin hobea izan zuten, euririk ez, eta sekulako gaugiroa. Igandean ordea, proiekzioa arrakastatsu hasi bazen ere, euria izan zuten, baina ez asko, eta izan zen bertan geratu zen jende ausarta, filmean murgilduta erabat.
Bitxia izan da oso, jendea kasko argitsu horiek jantzita filmaren baitan sartuta ikustea, inguruan zegoen burrunba nabarmena kontuan izanik, larunbatean batez ere.
2015etik Donostia Zinemaldiko garagardo ofiziala da Keler, eta aurten doako emanaldi isil horiek eskaini ditu, ikusleek Donostiako garagardoaz lagunduta filmez gozatu ahal izan dezaten.
Programa, Zinemira sailean programatutako bi lanek osatu dute: Elkano, lehen mundu bira filmak haurrak aho bete hortz utzi zituen. Magallanesen agintepean hasi eta Juan Sebastian Elkanok amaitutako bidaia kontatu zieten marrazki bizidun bitartez.
Atzoko filma, Soinujolearen semea, Fernando Bernues donostiarrak zuzendutako Bernardo Atxaga idazlearen eleberrian oinarritutako lana da. Adiskidetasunari, traizioari eta indarkeriari buruzko istorioan eta protagonisten hiru garai ezberdinetan oinarritzen dena, Euskal Herrian bizi izandako historia aztertuz.
Nora Askargorta