"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Dudarik gabe, Zinemaldiak egunotan Belodromoan paratzen duen pantaila erraldoia da zinema bere handitasunean gozatzeko aukerarik onena. Izan ere, aurten, ondoko lanak aurkeztuko dira 2.500etik gora ikuslerentzat edukiera duen zinema-aretoan: Leticia Dolerak sortutako “Vida perfecta” telesail osoa, Víctor Monigote eta Eduardo Gondell zuzendarien La gallina Turuleca animazio-filma, eta Sua - Irabazi arte dokumentala, Realak Erreginaren kopa lortu aurreko asteari buruzkoa.
Larunbatean, hilaren 21ean, 17:30ean, La gallina Turuleca animazio-filma proiektatuko da. Víctor Monigote eta Eduardo Gondell dira lan horren zuzendariak. Monigote marrazkilariak, besteak beste, Cándida, Camino eta Mortadelo y Filemón: Misión salvar la Tierra filmen storyboard-ak egin ditu. Gainera, Mortadelo y Filemón contra Jimmy el Cachondo filmean zuzendaritza artistikoaz arduratuta Goya sarirako hautagaitza eskuratu zuen. Bestalde, Eduardo Gondell Gaturro, Boogie el aceitoso eta Don Gato y su pandilla animazio-film luzeetan aritu da zuzendaritza- eta ekoizpen-lanetan.
Hona hemen laburki argumentua: Turuleca oiloak itxura xelebrea du eta arrautzak erruteko zailtasunak ditu. Horregatik, gainontzeko oiloek burla egiten diote. Baina egun batean, Isabel musika-irakasle ohiak bere etxaldera eramango du bizitzera, eta han bere talenturik handiena aurkituko du Turulecak: hitz egiteko gai izateaz gain, bikain abesten du!
Hurrengo egunean, berriz, arratsaldeko 17:00etan, Belodromoak “Vida perfecta” telesail osoaren estreinaldia jasoko du, aurretik zenbait film labur eta Requisitos para una persona normal film luzea egin dituen Leticia Dolerak zuzendua. Lehen bi atalen emanaldiarekin, “Vida perfecta” lanak telesail onenaren saria eskuratu zuen Canneseries jaialdian. Halaber, interpretazio onenaren sari bereziak jaso zituzten Dolerak berak, Aixa Villagránek eta Celia Freijeirok, estandar sozialen araberako ‘bizitza perfektua’ lortu ezin dezaketen emakumeak interpretatzeagatik.
Tximinoen erresuma
Gainera, Zinemaldiak haurrei zuzendutako emanaldiak ere egiten ditu goizero Belodromoan. Ikastola eta ikastetxeekin hitzartutako programa baten bitartez, zinemaz gozatzeko aukera eskaintzen zaie ikasleei, euskaraz eta pantaila erraldoian.
Ildo horretatik jarraituz, aurten, Donostia Zinemaldia, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia elkarlanean aritu dira hiriaren bereizgarrietako bi uztartzeko: zinemarako zaletasuna eta zientzia-espezializazio handia. Akordio horren ondorioz, DIPCeko zientzialariek aurkeztuko dute ikastetxeentzat programatu den filma, Tximinoen erresuma, testuinguruan kokatzeko eta ikusleei zientziaren eta ekarpen zientifikoen aldeko irudia helarazteko. Zinemaldiak eta DIPCek elkarrekin aukeratu dute filma, eta euskarara bikoiztuta proiektatuko da.
Jamel Debbouze zuzendariaren Tximinoen erresuma filmeko protagonista, Edouard, ez da besteak bezalako tximu bat: txikiagoa da, ile gutxiago du, eta ezin du gorputz-adarretako bat erabili. Baina bitxikeria horiek, Edouarden asmamenarekin batera, espeziearen eboluzioko lehen kate-maila direla esan daiteke. Gizaki eta animalien arteko abentura komiko bat da, motion capture (mugimendu-argazki) teknika modu txundigarrian erabiliz egina.
Azkenik, eta ohikoa den bezala, Zinemaldia itxiko duen ekitaldiaren emanaldia egingo da Belodromoan. Perlak saila itxiko duen filma (The Climb), Sail Ofiziala itxiko duena (The Song of Names) eta 67. edizioko sari-banaketa proiektatuko dira 18:15etik aurrera.
Sergio Basurko