"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jose Maria Txepe Lara (Madril, 1948) ekoizleak jasoko du Zinemira saria. Hilaren 24an egingo dute Euskal Zinemaren Gala Victoria Eugenian, eta han jasoko du Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE ekoizle elkarteek euskal zinemaren pertsona nabarmen baten ibilbidea aitortzeko ematen duten ohorezko saria.
Zinemagile hasiberriei emandako babes eta laguntzagatik nabarmendu da Lara; berarekin lan egin dute, besteak beste, Daniel Kalparsorok, Mercedes Alvarezek, Asier Altunak eta Telmo Esnalek. Hain zuzen ere, azken bi horien Agur Etxebeste! filma estreinatuko da sari banaketa ekitaldiaren ondoren. Ekoizleak harreman luzea izan du Asier Altunarekin eta Telmo Esnalekin; Txotx, 40 ezetz, Topeka eta Sarean film laburren ondoren, alboan izan zuten beren lehen film luzea, Aupa Etxebeste! zuzendu zutenean ere.
Larak 1985ean hasi zuen zinemarekin harremana, foto finkoko eta kamera-laguntzaileko zereginetan. Beste teknikari batzuekin batera, Euskal Teknikari Zinematografikoen Elkartea sortu zuen. 1987an, Jose Maria Lara P.C. ekoiztetxea sortu eta hamaika film ekoitzi ditu ordutik. Azken hiru hamarkadetako euskal zinemagintzan funtsezkoa izan da ekoizle zereginetan.
I.E.