"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hamar ekoizpen hartuko ditu Zinemirak, euskal zinemari eskainitako sailak. Aniztasun handiko saila izango da, gainera. Fikzioa eta ez-fikzioa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak bildu dira aurtengo edizioan. Bestalde, Euskal zinemagintzan ibilbide luze bezain oparoa egin duen José María Lara ekoizleak jasoko du Zinemira saria.
Helena Tabernaren Varados dokumentalarenestreinaldiarekin abiatuko da Zinemira, gaur. Tabernaren hainbat film programatu ditu Zinemaldiak azken urteotan: besteak beste, Yoyes (Made in Spain, 2000), La buena nueva (Berri ona, Made in Spain, 2009) eta Acantilado (Zinemira, 2016). Varados-ek Grezian dauden errefuxiatuen eguneroko bizitza erakusten du.
Iban del Campok Glittering Misfits aurkeztuko du, bere lehen film luzea. Aurrez, Kimuak-en hautatu eta Zinemaldian proiektatu ziren haren bi film labur: Dirty Martini eta Espedizio handia. Glittering Misfits-en, New Yorkeko burlesque eszenan murgiltzen da Dirty Martini eta Tigger!-en eskutik.
Beste zuzendari baten lehen filmarekin jarraituko du Zinemirak. Hiru uhinak - Les trois vagues Loïc Legranden film luzea da. Hiru zinemagileek kondaira zahar bat iruditan kontatzeko erronkari aurre egiten diote.
Taberna, Del Campo eta Legrand Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian izango dira. Gainera, urteko euskal ekoizpen nabarmenetako zazpi lan erakusteko tokia utziko du Zinemirak. Esaterako, sailean ikusiko da Muga deitzen da pausoa, Maider Oleagak Ikusmira Berriak egonaldiprogramaren lehenengo urtean garatu zuen proiektuaren emaitza, Gijongo zinema-jaialdian estreinatu zena.
Elkano, lehen mundu bira animazio-filmak ere gaur hasiko du bere ibilbidea Zinemaldian. Ángel Alonsok zuzendutako bigarren filma da, animazio-film onenaren Goya sarirako hautagaia izan zen El ladrón de sueños (Ametsen lapurra, 2000) lanaren ondorengoa.
El doble más quince-k, Mikel Ruedaren film berriak ere lehiaketaz kanpo parte hartuko du sailean. Zinemiran ikusiko dugu, halaber, Juanmi Gutiérrezen azken filma, Paseko txoriak. Aurrez, beste hamar film aurkeztu ditu Gutiérrezek sailean. Aurtengo otsailean hil zen Gutiérrez eta 67. Zinemaldiak omenaldia egingo dio.
Bestalde, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma, Soinujolearen semea ikusgai izango da datozen egunetan. Huelvako eta Nantesko zinema-jaialdietan aukeratu zuten Fernando Bernuések zuzendutako filma.
70 binlandens Koldo Serraren hirugarren film luzea ere Zinemiraren parte izango da. Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva dira Sitgeseko zinema-jaialdian estreinatutako filmaren protagonistak.
Azkenik, La pequeña Suiza Kepa Sojoren bigarren film luzea ikusi ahal izango da Zinemiran. Euskal Herriaren erdian dagoen Gaztelako herri baten gorabeherak kontatzen ditu komedia horrek. Euskal ekoizpenak Zinemiraren barnean dauden filmez gain, beste hainbat lanek osatzen dute 67. Donostia Zinemaldirako hautatutako euskal ekoizpena. New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak eta Culinary Zinema, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan ikusi ahal izango dira, hain zuzen. Haietako bederatzi (hau da, munduko estreinaldia Zinemaldian izango duten film luzeak) Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira.
Irene Elorza