"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Silvia Cruzek (São Paulo, Brasil.1982) Kudeaketa Komertzialeko lizentziatura atera zuen 2004an ESPMn, eta harrezkero banaketa eta ekoizpen zinematografikoaren alorrean aritu da. Pandora Filmes konpainian hasi zen lanbidean, eta ondoren Europa Filmes eta Coração da Selva-n aritu zen, ekoizpen exekutiboaren eta erosketen arloan. 2010ean Vitrine Filmes banaketa-konpainia sortu zuen, eta haren bidez 150 lan baino gehiago estreinatu ditu Brasilgo zinema-aretoetan (gehienbat, Brasilgo film independenteak); besteak beste, Kleber Mendonça Filhoren O som ao redor (2012), Aquarius (2016) eta Bacurao (2019); Andre Novaisen Temporada (2018); Gabriel Mascaroren Divino amor (2019); Karim Ainouzen A vida invísivel de Eurídice Gusmão (2019); Maia Da-Rinen A febre (2019); Noah Baumbachen Frances Ha (2012); Pablo Giorgelliren Las acacias (Horizontes Latinos, 2011) eta Invisible (2017); eta Lucrecia Martelen Zama (2017). 2014an, São Pauloko ekoizle Julia Alvesen eta Michael Wahrmannen bazkide bihurtu, eta Sancho & Punta ekoiztetxea sortu zuten. Vitrine Filmes konpainian betetzen duen eginkizunarekin bateratzen du jarduera hori.