"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Laura Morak (Medellin, Kolonbia. 1981) Zuzendaritzako eta Ekoizpeneko gradua atera zuen Melbourneko RMIT Unibertsitatean, eta West (2006) eta Brotherhood (2007) film laburrak zuzendu zituen han. Ondoren Salomé (2011) egin zuen, eta, Kolonbiako Garapen Zinematografikoaren Funtsaren laguntza jasotzeaz gain, nazioarteko hainbat zinema-jaialditan aukeratu zuten lan hori; besteak beste, Bilboko ZINEBIn. 2012an Escobar telesaila zuzendu zuen Carlos Morenorekin batera, eta India Catalina sarietan telesail onenaren eta zuzendaritza onenaren sarien irabazle suertatu zen.
Matar a Jesús proiektuaren gidoia Berlingo zinema-jaialdiko koprodukzio-merkatuan aukeratu zuten 2015ean. Filma 2016an filmatu zen, eta 2017an Torontoko zinema-jaialdian eta Donostia Zinemaldiko New Directors sailean izan zituen estreinaldiak; Donostian, gainera, Gazteriaren Eroski Saria, Kutxabank-New Directors sariaren Aipamen Berezia eta SIGNIS saria irabazi zituen.
2018an Frontera verde telesailaren lehenengo denboraldia zuzendu zuen Netflixentzat, Ciro Guerra eta Jacques Toulemonde zuzendariekin batera.
Gaur egun bere proiektu berria garatzen ari da, Los reyes del mundo, Toulouseko Cinélatino zinema-jaialdian Cine en Desarrollo saria lortu eta gero.