"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pello Gutiérrez Peñalba (Donostia, 1979) ekoizle eta zinemagilea da. 2007an Zazpi T’erdi sormen-kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen, David Aguilar, Juanmi Gutiérrez eta Iñaki Sagastumerekin batera. Han, ez-fikzioan, esperimentazioan, zinema hedatuan eta antzerki-lanetarako ikus-entzunezkoetan dihardute.
Zazpi T’erdi etxetik askotariko lanak zuzendu eta ekoitzi dituzte, hala nola Nao Yik (2011, Zinemira), Oírse (2013, Zinemira), Abuztua (2013), Mara mara (2016, Zinemira), Converso (2017, Zinemira), Ozpinaren sindromea (2017), Zain (2018, Zinemira - Kimuak) eta La vía flotante (2019). Film horietako hainbat Donostia Zinemalditik
igaro dira.
Horrez gain, oholtza gaineko lanetan ere aritzen dira, arte eszenikoak ikus-entzunezkoekin uztartuz. Bide horretatik, Biutz (Rouge Elea konpainia), Duo (Anakrusa konpainia) eta Heriotza bikoitza (Ze Onda antzerki-taldea) antzezlanetan aritu da bideo-sortzaile.
Bestalde, ikus-entzunezkoen hezkuntzan dihardu, zinemaren hizkuntzari eta ikus-entzunezkoen teknikari buruzko ikastaroak emanez, hainbat elkarte eta erakunderekin; besteak beste, Cinema en curs, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Donostiako udala, Donostia Kultura, SOS Arrazakeria, Gehitu eta Mugen Gainetik.