"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Más pena que gloria (Víctor García León, 2001) filmarekin pantaila handian debuta egin ondoren, Barbara Lenniek (Madril, 1984) emakumezko aktore berri onenaren Goya sarirako hautagaitza lortu zuen Obaba-n (Montxo Armendáriz, 2005) betetako rolagatik. Film hori Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen Donostian. Ondoren, Lennie berriz izan zen Goya sarirako hautagai, antzeztaldeko aktore onenaren kategorian El niño (Daniel Monzón, 2014) filmean egindako lanagatik eta aktore protagonista gisa María (y los demás) (Nely Reguera, 2017, New Directors) filmeko rolari esker. Kategoria horretan irabazi zuen azkenean saria, Magical Girl (Carlos Vermut, 2014) filmean egindako lanagatik; lan horrek, gainera, film onenaren Urrezko Maskorra eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zituen Donostian.
Ohiko parte-hartzailea da Donostiako lehiaketan eta, besteak beste, lan hauek ekarri ditu: Los condenados (Isaki Lacuesta, 2009, Sail Ofiziala eta FIPRESCI saria); Murieron por encima de sus posibilidades (Isaki Lacuesta, 2014, Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo); El apóstata (Federico Veiroj, 2015, Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI saria); Una especie de familia (Diego Lerman, 2016, Epaimahaiaren Saria gidoi onenarentzat), eta El reino (Rodrigo Sorogoyen, 2018, Sail Ofiziala).
Halaber, Pedro Almodóvar (La piel que habito, 2011), Asghar Farhadi (Todos lo saben, 2018) eta Jaime Rosales (Petra, 2018) zuzendarien esanetara aritu da, eta telebistan Isabel, Amar es para siempre eta El incidente telesailetan esku hartu du.