"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Neil Jordanek (Rosses Point, Irlanda. 1950) 1982an idatzi eta zuzendu zuen bere lehen film luzea, Angel (Danny Boy). Ondoren The Company of Wolves (1984) egin zuen, eta London Critics Circle elkartearen film eta zuzendari onenaren sariak irabazi zituen lan horrek. Mona Lisa-k (1986) Cannesko aktore onenaren saria eta Oscar sarirako hautagaitza eman zizkion Bob Hoskinsi. Jarraian bi komedia zuzendu zituen Jordanek: High Spirits (1988) eta We’re No Angels (1989). 1991an Irlandara itzuli zen The Miracle filmatzera.
1992an The Crying Game idatzi eta zuzendu zuen; gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen hari esker, eta beste bost hautagaitza ere eskuratu zituen. 1994an Anne Riceren Interview with the Vampire eleberria egokitu zuen, eta 1996an Veneziako Urrezko Lehoia irabazi zuen Michael Collins filmari esker. 1997an, The Butcher Boy-k zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza ekarri zion Berlinen.
Ondoren In Dreams (1999) thrillerra egin zuen, eta The End of the Affair (1999) dramari esker egokitutako gidoi onenaren BAFTA saria irabazi zuen. 2002an Donostian Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen The Good Thief filmarekin; 2005ean Breakfast on Pluto eraman zuen pantailara; eta 2007an Jodie Foster zuzendu zuen The Brave One filmean. Zinemarako egin dituen azken lanak Ondine (2009), Byzantium (2012) eta Greta (2018) dira. 2011tik 2013ra bitarte The Borgias telesaila ekoitzi, idatzi eta zuzendu du Showtime telebista-katerako.