Esteve Soler, Gerard Quinto, David Torras
Izua eta komedia uztartzen dituzten zazpi istorio. Umore beltzeko zazpi une, bitxiak bezain hurbilak. Aurrera egiten ez duen gizarte baten gaineko zazpi ikuspegi surrealista: familia, haur behartsua, auzotarrak, maizterra, enpresaria, tranbiak harrapatutako gizona, eta ezkontza. Umore beltzeko zazpi istorio, gizarte disfuntzional batean.
Salvador Simó
Paris, 1930. Salvador Dalí eta Luis Buñuel mugimendu surrealistako adierazle nagusiak dira jadanik. Ustekabean, L'âge d'or filmaren inguruko eskandaluaren ondoren dirurik gabe geratuko da Buñuel. Egoera zail horretan, ezingo dio bere hurrengo proiektuari heldu: Espainiako eremu behartsuenetako bati buruzko dokumental bat, Hurdes eskualdeari buruzkoa. Hala ere, Ramón Acín eskultore eta lagun minak loteria-billete bat erosiko du, eta irabaziz gero filma ordainduko diola hitz emango dio. Harrigarriki, lagun izango du zortea.
Pedro Almodóvar
Dolor y gloria-k Salvador Mallo zinema-zuzendariaren bizitzako uneen berri emango digu, gainbeheran dagoenean. Batzuk fisikoak dira, beste batzuk oroituak: 60ko hamarkadako haurtzaroa, hobera egin nahian gurasoekin Valentziako Paterna herrira emigratu zuenekoa; lehenengo desira; helduaroko lehen amodioa, 80ko hamarkadako Madrilen jada; amodio hori bizirik eta berotan zegoela hautsi zeneko samina; idaztea, ahaztezina ahazteko terapia bakarra; zinemaren aurkikuntza goiztiarra; eta hutsunea, filmatzen jarraitu ezinaren hutsune eskerga. Sormenari, hura norberaren bizitzatik bereizteko zailtasunari, eta zentzua eta itxaropena ematen dioten grinei buruz hitz egiten du Dolor y gloria-k. Iragana berreskuratzean, haren berri emateko premia aurkituko du Salvadorrek, eta premia horretan salbazioa ere aurkituko du.
Adán Aliaga, Àlex Lora
El cuarto reino filmak komunitate marjinal baten eguneroko bizitza islatzen du, New Yorkeko auzo batean. Erresuma bitxi horretan, aukeren herrialdeak hitzemandakoaz guztiz bestelakoa den errealitatearekin desengainatuta daude, bai zailtasunak dituzten estatubatuarrak, bai legez kanpoko etorkinak. Hala eta guztiz ere, itxaropenari eusten diote.
Neus Ballús
Espainia - Frantzia
85 min.
Marta, 17 urteko neskato bat, Afrikako resort batera joango da aitarekin eta neba txikiarekin oporretara. Marta aspertuta dago, eta, bere familiarekin baino, nahiago du hotelean lan egiten duten gazteekin ematea denbora. Lagun berri horiek tirabirak sortuko dituzte aitarekin duen harremanean, eta hitz egitera eta elkar ulertzera behartuko dute familia. Guztientzat uste baino askoz bizipen aberatsagoa bihurtuko da bidaia.
Antonio Resines, Ana Pérez-Lorente
1896ko maiatzaren 11n, William Parish ingelesaren Price zirkuan, Espainian lehenbiziko aldiz irudiak mugimenduan proiektatu zituen Edwin Rousby hungariarrak, animatografo bat erabiliz. Gertaera horretatik abiatuta, zenbait anekdota aletuko ditu gure narratzaileak, Antonio Resinesek, arian-arian historia harrigarri bat osatu arte: gure zinemarena. Kontakizuna zuzendarien, aktoreen eta ekoizleen lekukotzekin uztartu, eta haiek aipatutako filmetako irudiekin ilustratuko da.
Roberto Bueso
Edu musikari gazteak bizitza bakarti eta monotonoa darama Londres hotz eta euritsuan. Bi urtez han egon da, familiarengandik eta lagunengandik urrun, baina gutxi barru ezkontzear duenez anaia sorlekura itzuli beharko du, Valentziara. Etxera itzultzean arroztasuna eta herri-mina sentituko ditu Eduk bere baitan. Han berriz aurkituko ditu gurasoak eta anaia. Anaiarekin ez du inoiz izan antza handirik, baina badirudi orain gerturatu egin nahi zaiola eta harreman anaikorra izan nahi duela. Juanma, Farinós eta Cabolo lagunekin ere elkartuko da berriz, baita lehenagoko planak egiteko gogoarekin ere. Baina gauzak aldatu dira. Orain, bizitza ez da hain erraza… batez ere Juanmarentzat, ama oso gaixo baitu. Baina Aliciak irudikatuko du iraganera itzultze hori hobekien. Juanmaren neska-lagunak oso une zaila bizi du harremanean, antza denez, eta Edurekin berriz elkartzeak oso sentimendu eta oroitzapen bereziak ekarriko ditu atzera.
Víctor Moreno
Espainia - Alemania - Frantzia
80 min.
Teknikaren ametsak, espazio siderala esploratzera bideratu denean, alderantzizko mugimendua ere eragin du: lurpeko mundua ireki du. Hiri modernoaren azpian, oinarria ematen dion armiarma-sare neurrigabea datza, eta haren baitakoa da ikusten dugun hiria; espazio funtzionala eta ezinbestekoa da, baina baita eremu sinboliko eta esfera ezkutu bat ere: hiriaren inkontzientea.
Marcel Alcántara, Julia De Paz, Sara Fantova, Guillem Gallego, Celia Giraldo, Alejandro Marín, Valentín Moulias, Gerard Vidal, Pol Vidal, Enric Vilageliu, Carlos Villafaina
Eli, 30 urte, abokatua, haurdun, goi-mailakoa. Aitarekin batera luze prestatu duen auzi mediatikoaren ikustaldia egitekoa den egunean, aita, Bartzelonako abokatu ospetsu bat, desagertuko da. Haren bila, bere egonkortasun familiar eta emozionala hankaz gora jarriko duen errealitate batez jabetuko da.
Jonás Trueba
Eva 33 urte betetzear da, eta abuztuan Madrilen geratzeko erabakia fede-egintza bihurtu du. Egunak eta gauak abagune gisa aurkezten zaizkio, eta, udako dantzaldiak ospatu bitartean, beste pertsona batzuekin topatuko da Eva, eta haiei laguntzen saiatuko da, egiaz bere buruari laguntzen ari zaiola jakin gabe. La virgen de agosto egunkari gisako film bat da: errebelazio bila ari den emakume baten barne-bidaia; udako ipuin apur bat filosofiko eta mistikoa, eta alaia eta jostagarria hasieratik amaieraraino.
Carlos Marqués-Marcet
Vir eta Lluís urtebetez soilik egon dira elkarrekin haurdun daudela jakitean. Hala, 9 hilabetez, Bartzelonako bikote gazte horren abenturari jarraituko diogu: haien bizitzaren aldaketa itzela, beldurrak, pozak, itxaropenak eta, haurdunaldian, aurrean haziko zaizkien errealitateak.
David Fernández de Castro, Marc Parramon
Bi familia oso desberdin, baina, bietan ala bietan, adingabe transgenero bat. Violetak 11 urte egin berri ditu. Aspaldi erabaki zuen neska-izena eduki eta neskak bezala jantzi nahi zuela. Gurasoek, harrituta, denbora behar izan zuten haren nortasun berria onartzeko, eta gaur egun bizitza zoriontsua darama Violetak. Alanen istorioa guztiz bestelakoa da: institutuan jazarpena egin zioten, eta familiaren babesa ez zen nahikoa izan haren jaioterria guztiz hunkitu zuen amaiera saihesteko.
Marta Lallana, Ivet Castelo
Paulak, 14 urteko neska batek, Ojos Negros herrian igaro behar du uda, izebarekin eta amonarekin, ia-ia ezagutzen ez dituen arren. Han, amonaren gaixotasuna dela-eta familian agertuko diren tirabirez konturatuko da. Giro itogarri horri ihes egin nahian, bere adineko neska bat ezagutuko du, Alicia, eta lagun onak bihurtuko dira. Uda amaieran, heldua izateak zer esan nahi duen sumatuko du Paulak.
David Trueba
1963. urtean, diktadura frankistaren pean, bi suediar ikaslek Espainiara bidaia egin zuten demokraziaren aldeko mugimenduen berri hedatzeko. Chicho Sánchez Ferlosio unibertsitate-trobadore gaztearekin harremanetan jarri ziren, eta Stockholmera itzultzean disko bat egin zuten haren abestien grabaketarekin. Canciones de la Resistencia española izenburua jarri zioten, eta izengabe utzi zuten egilearen eta idazlearen eremua. Diskoak berehalako arrakasta izen zuen Eskandinavia osoan.
Javier Ruiz Caldera
Superbotereekin zaila da ez nabarmentzea. Hegan egin ahal izatea, superikusmena edukitzea edo metroko trena gelditzea errailetik irten ez dadin… eta gero bulegora itzultzea, normala izateko ahaleginetan, ez da erraza izan Juan Lópezentzat… edo beharbada bai, zoriontsu izateko goizeko kruasana besterik ez baitu behar… …eta Juanek ez dakielako bere baitan daramala berebiziko sekretu bat, bere planeta, Chitón, Skorba maltzurretik eta haren alaba Ágata misteriotsutik salbatuko duena. Lópezen bizitza ordenatuan Luisa, gaztaroko amodioa, agertzen denean, azaleratzeko arriskuan geratuko da sekretua. Orain ez dago ezkutatzerik. Juanek haren arreta erakarri behar du, baina ez daki, hala, azkenean bera aurkitu, harrapatu eta Chitón suntsitu ahal izango dutela Skorbak eta Ágatak. Iritsi da… SUPERLÓPEZ bihurtzeko unea!
Jon Sistiaga, Alfonso Cortés-Cavanillas
Juan Mari Jauregi ETAren biktimaren istorioa, haren bizitzako bi pertsona garrantzitsuenek kontatua: haren alargunak eta bizia kendu zion hiltzaileak. 2000. urtean su-etena hautsi zuen ETAk, eta bakea lortzeko zubiak egitearen alde jarraitzen zutenen aurkako atentatuak egiten hasi zen. Alarguna, Maixabel Lasa, eta hiltzailea, Ibon Etxezarreta, bildu egingo dira eta elkarrekin hitz egingo dute, urte haiei buruzko egiak esanez eta elkarri begietara begiratuz. Zubiak filmak memoria eta duintasuna, elkarrizketak eta barkamenak, damuak eta bakezkoak biltzen ditu, zubiak berreraikitzen hasia den eta hitz egiteko beldurra galdu duen Euskadi batean.