"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Costa Gavras zuzendariak Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosen eskutik jaso zuen aurtengo lehen Donostia Saria, atzo, Victoria Eugenia antzokian. Rebordinosek gogoratu zuen zinemagintza politikoa egitea egozten diotela Gavrasi, eta Greziako egilearentzat zinema oro da politikoa. “Hori dela eta, harrotasuna, plazerra eta ohore bat da sari politiko bat ematea Costa-Gavrasi”, esan zuen Rebordinosek.
Gavrasek hitzaldi labur batekin eskertu zuen aitortza eta gogora ekarri zuen bere ibilbide profesionala Espainian hasi zuela. “Frantziako zuzendari baten bigarren laguntzaile bezala hasi nintzen, Torreviejan, eta urte asko igaro dira handik Donostiaraino, baina plazer bat da itzultzea”. Besteak beste, René Clair, Jacques Demy, Marcel Ophüls eta Jean Becker zuzendarien laguntzailea izan zen, harik eta 1965ean bere lehen film luzea zuzendu zuen arte: Compartiment tueurs. Ordutik, izenburu ahaztezinen egilea izan da, hala nola, Z, Missing, Music Box, Amen eta Le capital. Atzo, Adults in the room bere azken lana aurkeztu zuen Zinemaldian.