"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Urtero bezain arrakastatsua suertatu zen atzo Belodromoko estreinaldi hirukoitza. Batetik Zinemaldiaren hasiera, bigarrenik ikastetxeen aurtengo lehen bisita eta hirugarrenik kolaborazio berria.
Zinemaldiaren, Donostia International Physics Centerren eta Euskadiko Filmategiaren arteko lankidetzari esker, Zinemaldiko publiko gazteak Tximinoaren erresuma filmaz gozatzeko parada izan zuen eta izango du datorren aste guztian zehar Belodromoko proiekzioetan.
Euskarara bikoiztutako gizatiarraren eta animaliaren arteko abentura komiko honek haurrak aho bete hortz utzi zituen atzokoan, eta ikastetxeei eskainiko zaizkien emanaldi horiek gainera DIPCko zientzialariek aurkeztuko dituzte. Horien azalpenei esker, gaztetxoek pelikularen testuingurua hobeto ulertu ahal izango dute hiriaren bereizgarrietako bi lotzeko helburuarekin: zinemarako zaletasuna eta zientzia-espezializazio handia. Ikusle orori zientziaren eta ekarpen zientifikoen aldeko irudia helaraziko die proiektuak.
Izan ere, Donostiari zinemako eta gastronomiako hiria izateak eman dio ospea. Baina, azken hogei urteetan zientzia-hiri ere bihurtu da. Gaur egun, nazioarteko 4.000 zientzialari baino gehiago daude Donostian lanean; hau da, biztanle bakoitzeko zientzialari gehien dituen hirietako bat da Europan.
Ekimen hori atzokoan, besteak beste, Pedro Miguel Etxenikek, Donostia Physics Centerreko presidenteak aurkeztu zuen, zeinak proiektuaren aurkezpenean “belaunaldi berriak hein handi batean zientifikoa eta teknologikoa den kultura batean jaio dira. Aplikazio eta modetatik harago, gure ustez garrantzitsua da zientziaren ekarpenak ezagut ditzatela –nola aldatu duen unibertsoari eta geure buruari buruz dugun ikuspegia eta nola hobetu dituen gure bizi-baldintzak– eta horien inguruan hausnartzeko” adierazi zuen.
Euskadiko Filmategiak eta DIPCek 2018an antolatu zuten lehen aldiz zinemari eta zientziari buruzko ziklo bat elkarrekin. Ikusleek oso ongi hartu zuten “Hor kanpoan: zinema eta zientzia” zikloa, eta horregatik beste bat antolatu dute aurtengo lehen hiruhilekoan: “Ezezaguna: zinema eta zientzia”. Ziklo horiek helduentzat antolatu dituzte nagusiki, baina oraingo ekimenak haurrez osatutako audientzia baten aurrean bateratu nahi ditu zinema eta zientzia.
Hala, ikastetxeekin hitzartutako programa berri horrek Zinemaldiko hurrengo edizioetan ibilbide luzeagoa izan dezan lanean ari dira jada hiru elkarteak. Iaz, 79 ikastetxetako 13.300 ikasle inguru etorri ziren Belodromoko sei saioetara. Aurten, 2019an, goizez egingo dira emanaldiak, atzokoaren ondoren, datorren asteko astelehenetik ostiralera, biak barne.
Tximinoen erresuma
Jamel Debbouzek zuzendutako eta motion capture teknika modu txundigarrian erabiliz egindako Tximinoen erresuma film frantsesa da. Edouard protagonista, besteak baino askoz ere tximino txikiagoa eta ile gutxiago duena da eta bere gorputz-adarretako bat ezin du erabili; bitxikeria horiek, bere buru-argitasunarekin bat eginda, espeziearen eboluzioko lehen kate-maila izan daitekeela adieraz dezakete.
Nora Askargorta