Datorren irailaren 28an, Gehitu elkarteak 2018ko Sebastiane saria emango dio LGTBI kolektiboaren errealitateak, askatasunak eta aurrerabide sozialak hobekien islatzen dituen Donostia Zinemaldiko ekoizpen zinematografikoari. Sariak 19. urte betetzen ditu aurten, eta 66. Zinemaldiko Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan aukeratutako zazpi hautagairen artean bat sarituko du. Film labur batek lehiaketaz kanpo parte hartuko du.
Era berean, LGTBI tematikari buruzko Latinoamerikako film onenaren 2018ko Sebastiane Latino sariaren irabazlea proiektatuko da Horizontes Latinos sailari hasiera emateko. Marcelo Martinessi zuzendariaren Las herederas filma (Paraguai, Alemania, Brasil, Uruguai, Norvegia, Frantzia) izan da sariduna.
Gehitu elkarteak eta Sebastiane saria ematen duen epaimahaiak azpimarratu nahi dute, horrez gain, 9 herrialdetako 14 zinema-jaialdik parte hartuko dutela Iberoamerikako LGTBI Zinema Jaialdien 4. Topaketan. Irailaren 24tik 26ra egingo da topaketa, Donostia Zinemaldiarekin eta Acción Cultural Española (AC/E) elkartearekin lankidetzan, PICE Espainiar Kultura Nazioartekotzeko Programaren bitartez, eta zubiak eraikitzea eta hausnartzeko eta elkartzeko gune bat izatea da helburua.
Aipatu behar da, halaber, aurtengo aukeran presentzia nabarmena duela Latinoamerikako zinemak, 2018ko LGTBI zinemagintzan ekoizpen latinoek izandako nagusitasunaren erakusgarri.
LUIS ORTEGA
ARGENTINA – ESPAINIA
Hamazazpi urteko Carlitos gazteak zinema-izar baten ospea, ile-hori kizkurra eta ume-aurpegia ditu. Txikitan besteren gauzak gutiziatzen zituen, baina egiaz nerabe goiztiar zenean azaleratu zen haren benetako bokazioa: lapurra izatea. Eskola berrian Ramón ezagutzen duenean, berehala xarmatuta geratuko da Carlitos eta haren arreta erakartzeko harrokeriatan hasiko da. Elkarrekin, aurkikuntza, amodio eta krimenezko bidaia bati ekingo diote. Sarraskia bortizkeriaren ausazko ondorio bat da, besterik gabe, eta areagotuz joango da azkenean Carlitos atxilotzen duten arte. Aingeru-itxura duenez, “Heriotzaren aingeru” izena jarriko dio prentsak Carlitosi. Ederra izateagatik arreta handia jaso, eta gauetik goizera ospetsu bihurtuko da. Guztira, berrogei lapurreta baino gehiago eta hamaika hilketa egin zituela uste da. Gaur egun, berrogeita bost urte baino gehiago daramatza Carlos Robledo Puch espetxean eta Argentinako historian preso denbora gehien eman duen atxiloa da.
LUKAS DHONT
BELGIKA – HERBEHEREAK
Larak 15 urte ditu eta dantzari bihurtzea da haren ametsa. Aitaren babesarekin, bete-betean murgilduko da ahalegin amaiezin horretan. Baina haren gorputzak ez dio erraz men egingo ezarritako diziplinari; izan ere, jaio zenean mutikoa zen berez.
MARCELO MARTINESSI
PARAGUAI – ALEMANIA – BRASIL – URUGUAI – NORVEGIA – FRANTZIA
Asunción, Paraguai. Chela eta Chiquitaren arteko bikote-harremana hondatzen ari da. Batez ere, haien egoera ekonomiko zailari aurre egiteko oinordekotzan jasotako ondasunak saltzen hasi zirenetik. Chiquita, bien artean dinamikoena, iruzurra leporaturik espetxeratzen dutenean, Chelak bertan behera utzi beharko du burges txikiaren bizitza erosoa eta, bere automobila erabilita, andre zahar batzuentzako taxi-zerbitzu bat jarriko du martxan. Ustekabean Angy ezagutuko du, bere bezero baten alaba, bera baino emakume gazteagoa eta oso irekia. Bat-bateko lanarekin batera, harreman berri horrek eragin sakona izango du Chelaren bizitzan eta barne-iraultza piztuko dio.
IGNACIO JURICIC MERILLÁN
TXILE
Nancyk argitu gabeko misterioei buruzko telebista-programa bateko eskaintza jasoko du bere alabaren istorioa kontatuko duen kapitulu batean parte hartzeko. Haren alaba gaztea lesbiana zen eta kolpeka hil zuten. Krimena gertatu zenetik zortzi urte igaro dira, baina ez da errudunik aurkitu. Nancyk bere familiari eta gertatutakoari buruz bakoitzak duen bertsioari aurre egingo dio, eta, aldi berean, programan parte hartu eta bere alaba zenarekin berriro topo egin nahi duen ala ez erabaki beharko du.
MARTÍN RODRÍGUEZ REDONDO
ARGENTINA – TXILE
Marcosek, hamazazpi urteko laborantzako behargin batek, etsai-giro batean topatuko du bere sexualitatea. Herriko nerabe batzuek “Marilyn” goitizena jarriko diote, eta desioaren eta bereizkeriaren jomuga bihurtuko da. Marcos egunetik egunera itoago sentituko da.
ALBERTINA CARRI
ARGENTINA
Hiru emakume ausaz gurutzatuko dira munduaren bazterrean, eta poliamodiozko bidaia bati ekingo diote. Haren ondorioz eraldatu, eta bestelakotuta itzuliko dira sorlekura. Ezarritako ordenaren, atzerakorik ez duen pasioaren eta amodio bakarraren utopiaren mende sufritzen duten subjektu horiek, egindako bidea desibili, eta harremanetan jartzeko modu berriak bilatuko dituzte, kanon guztietatik kanpo, amodioaren ezinbesteko posesioaren eta saminetik urrun. Horrela osatuko da Las hijas del fuego: beste emakume batzuei beren erotika, atxikitasunik ezaren sentsualtasuna ezagutzen ez duen mundu honetan egoteko modu egokia, bilatzen laguntzeaz arduratzen den taldea.
GUSTAVO SÁNCHEZ
ESPAINIA
New York, 2007-2017. Hamarkada batez, etxeko kamera batekin soilik eta gidoirik gabe filmatuz, Amanda Leporeren, Chloe Dzubilloren, Sophia Lamarren eta T De Longen barru-barruko bizitzan sartuko da zuzendaria. Underground azpikulturako lau emakume artista eta aktibista transgenero horien lekukotzek, apurka-apurka, agerira ekarriko dute haien nortasunak eratu eta haien bizitzak eraldatu zituen iragana –batzuetan dramatikoa, beti liluragarria eta erabat apartekoa–, zatika. Haien hitzen, beldurren eta itxaropenen bidez, kanpo-ikuspegia izatetik haien patuetan emozionalki inplikatuta egotera igaroko dira ikusleak.
ANA GALIZIA
BRASIL (22 min)
Luiz Roberto Galizia pertsonaia garrantzitsua izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetako antzerkigintzan. Nire osaba ere izan zen, baina ez nuen ezagutu.