"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Antzerki klasikoan zaildua, Judi Denchek argi eta garbi utzi du Kursaaleko oholtza gainean zergatik Zinemaldiak omenaldi egin dion. Ekitaldirako, okasioak hala eskatuta, soineko arin, beltz eta luzea jantzi du. Baina horrez gain, zirrara, apaltasuna, esker ona, dotorezia eta argi propioa erakutsi ditu.
Alexander Payne zinemagilearen eskutik saria jaso duenean, “damu dut zuen hizkuntza ez hitz egitea”, barkamena eskatu du. Segidan, Donostia lehenengoz bisitatu zuenekoa gogoratu du, 15 urte zituela bere gurasoekin: “orduan ezin nuen inolaz ere imajinatu aktore bihurtuko nintzenik, eta are gutxiago gaur gauean sari sinestezin hau jaso nezakeenik”, esplikatu du.
Zinemaldiko lantalde guztiari, eta bereziki, Jose Luis Rebordinosi eskerrak eman ondoren, saria eskuan zeramala bere ibilbide “luze eta bikaina” goraipatu duen Alexander Paynen laguntzaz erretiratu aurretik, “harro eta hantustez itzuliko naiz etxera, eta gau honetaz mundu guztiarekin hitz egingo dut”, esan du 83 urteko britainiar aktore saridunak.