"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Azken hogei urteotan Donostiara hamar aldiz etorri eta azken Canneseko jaialdian Urrezko Palmorria jaso ondoren, Zinemaldiak ezin zuen une egokiagorik aukeratu Hirokazu Koreeda zuzendariari Donostia Saria emateko.
Koreedak bart iluntzean jaso du saria Victoria Eugenia antzokian. “Oso goiz” heldu da saria zuzendari japoniarrarentzat, “bere ibilbidearen erdian” dagoelako. Koreedak, hunkituta, ezin izan die negar malkoei eutsi: “Ez zaizkit hitzak ateratzen”.
Oso ekitaldi “hunkigarria eta zoriontsua” izan da Koreedarentzat, baina baita “oso tristea” ere, aspaldi gabe Kirin Kiki hil delako, 2016an berarekin batera Donostiara After the Storm pelikula aurkeztera etorri zen aktorea.
Zuzendariarentzat, Zinemaldiko “publikoaren harrera eta bere filmen aurrean izaten duen erreakzioa” zinema egiten jarraitzeko “pizgarrietako bat” da. Adierazi duenez, oso lotuta dago Donostiako jaialdiarekin, eta alboan izan duen eta gala aurkeztu duen Zinemaldiko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos, aipatu du. Saria Canneseko zinemajaialdiko zuzendari Thierry Frèmauxek eman dio.
Eskerrak emanez esan du agur Koreedak, baina adierazi duenez, badaki saria ez diotela berriz emango.