"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Danny DeVito aktore, zuzendari eta ekoizle amerikarrak jaso du aurtengo lehen Donostia Saria, Juan Antonio Bayonaren eskutik jaso ere. “Sari bat nire neurriko pertsona bati ematea egokitu zaidan lehen aldia da”, txantxetan esan du Bayonak sarituaren gizatasuna, jatortasuna eta umore-sen zoragarria azpimarratu baino lehen.
Ekitaldira bertaratutakoak zutik eta bibaka ari zitzaizkiola, DeVitok pauso labur eta keinu hunkituaz aldenik alde zeharkatu du Kursaaleko agertokia sari jaso berria harro erakutsiz.
“Ohore ikaragarria da, oso pozik nago halako saridunen zerrendan sartzeagatik, liluratuta nago hiri honetako jendearen zintzotasunarekin, adeitasunez hartu nauzuen guztiokin. Sari hau zinemazale guztiei eskaini nahi nieke, diru pixka bat bildu eta zinemara gure pelikulak ikustera etortzen direnei. Horixe baita, izan ere, zinemaz benetan gozatzeko modua. Horrexegatik eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet bihotz bihotzetik”, adierazi du DeVitok bere esker-emate hitzaldi laburrean.
NORA ASKARGORTA