"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
David González Rudiezek errealizadore eta gidoilari bilbotarraren hirugarren filma da La noche nos lleva. Zinemaldia gertutik ezagutzen du Gonzálezek, Kimuak katalogoan izan baita bost alditan. Egindako film laburrekin estatuko eta nazioarteko 60 sari baino gehiago lortu ditu, eta oraingoan iraupen ertaineko lan soila osatu du. “Elementu gutxirekin lan egitea gustatzen zait, apaindura gutxi duen zinema sortzea” –dio zuzendariak–, “daukagunari moldatu eta horrekin ahalik eta efizienteen izan”.
Aurreko lanetan ondoan izan duen lantaldea berriro batu du Gonzálezek, neurrira egindako jantzia lez filma josten joateko. Horien artean dago Carlos Algaba aktorea, krisi existentziala bizitzen ari den Jorge izeneko saskibaloi-jokalari profesional ohiaren azalean sartzen dena. Gauetan, hirian barna noraezean oinez ibiltzen da, guztiz ahitu eta bere burua abandonatzeraino. “Arrakastaren biharamuna bizi duen pertsonaia, amildegi ertzean dagoena, oso indartsua da, baina aldi berean gozamena izan da konfiantzazko giro xamur batean esperimentatzea”, azaldu du Algabak.
I.E.