"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bitxia izan da Donostiako 66. Zinemaldiaren inaugurazio gala, bitxia eta desberdina. Belén Cuesta eta Nagore Aranburu aktoreek umorea erabili dute aurtengo jaialdiko berezitasunak eta hiriko ‘izaera paregabea’ azaltzeko.
Zinema-jaialdien inguruko txantxez jositako umorezko bakarrizketa batek ireki du ekitaldia, eta zinema munduan behin eta berriro errepikatzen diren topikoak zalantzan jarri dituzten bideo komikoak ere tartekatuko dituzte: Pedro Subijana sukaldariak Akelarre jatetxean grabatutako parte-hartzea, kasu.
Eta hala, tonu informal honi jarraiki, Zinemaldiko gonbidatuek sailen edukiak eta jarduerak aurreratu dituzte. Paul Thomas Andersonen Phantom Thread filmari FIPRESCI Sari Nagusia eman zaio, eta Versión Española programaren hogeigarren urteurrena ospatu dute, halaber.
‘Vaya Semanita’ estiloko bideo batek barregarri antzean erakutsi ditu bai Zinemaldiaren ‘dendaostea’ baita Donostia saridunak ere: “Guztia hain polita iruditzen bazaie, zergatik ez du oraindik inork pisurik erosi Donostian?”
Zinemaldia osatuko duten sail desberdinez ere hitz egin da, nola ez. Zinema espainiarra eta latinoamerikarra, euskal zinemagintzak bizi duen loraldia, lehiaketazko filmak eta Perlak edo talentu berrien ‘habia’ izango den Nest ekimena… horiek guztiak izan dira hizpide.
Horrez gain, Epaimahai Ofiziala atera da agertokira Alexander Payne buruan, eta honen atzetik Rossy de Palma eta Nahuel Pérez Biscayart aktoreak, Agnes Johansen ekoizlea, Bet Rourich argazki-zuzendaria eta Constantin Popescu errumaniar zinemagilea. Segidan, Paynek, gaztelania txukunean, bere eta gainerako epaimahaikideen “ohore eta zoriontasun” sentipena adierazi du, bukaerako palmaresa osatzeko erabakiak “zailak izango direla” ziurtatuz. Hala ere, “Zinemaldi on!” esan du agurtzerakoan.
Ricardo Darínek azken umore ukitua eman dio ekitaldiari euskaraz hitz egitearen zailtasunaren haritik tiraka. Eta azkenik, “niretzat Donostiakoa munduko zinema-jaialdirik onena” dela esanez amaiera eman dio galari aktore argentinarrak.