"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Parisen jaioa (1976), Virgil Vernier zinemagileak fikzioa, dokumentala eta mitologia uztartzen duen film sorta zabala zuzendu du 2001etik. Haren lehenengo film laburrak –Karine (2001), L’oiseau d’or (2004) eta Chroniques de 2005 (2007)– Pariseko eta aldiri-auzoetako gazteei buruzkoak ziren nagusiki. Hurrengo lanak, Thermidor (2009), Pandore (2010) –Epaimahaiaren Aipamen Berezia Clermont-Ferranden–, Orléans (2012) eta Andorre (2013), mundu osoko hainbat zinema-jaialditan aukeratu zituzten. Mercuriales (2014), haren lehenengo film luzea, Canneseko 2015eko ACID programaren aukeran sartu zen. Sophia Antipolis, haren azken filma, Locarnoko zinema-jaialdiko Cineasti del Presente sailean ikusi da aurten, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean proiektatuko da.