"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Adriana Pazek Filosofiako eta Letretako Fakultateko Antzerki Eskolan jaso zuen prestakuntza, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAM). Guztira 30 film baino gehiago egin ditu film labur eta luzeen artean. Prestigio handiko zinemagileekin aritua da: besteak beste, Carlos Carrera, Carlos Cuarón eta Sam Mendes zuzendariekin. Bere proiektuen artean, nabarmengarriak dira Carlos Carreraren El Traspatio (2009); Carlos Cuarónen Rudo y Cursi (2008), antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Ariel sarirako lehenengo izendapena ekarri ziona; eta Aarón Fernándezen Las horas muertas, zeinari esker emakumezko aktore onenaren saria irabazi baitzuen Moreliako Nazioarteko Zinema jaialdian (FICM) 2013an. Urte hartan bertan Jorge Pérez Solanoren La tirisia filmatu, eta emakumezko aktore onenaren Ariel saria irabazi zuen hari esker.
2015ean James Bonden Spectre filmean parte hartu zuen, Sam Mendesen zuzendaritzapean. 2016an, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Ariel saria jaso zuen Andrés Clariond zuzendariaren Hilda filmean egindako lanagatik, eta hurrengo urtean elkarren segidako hirugarren Ariel saria irabazi zuen, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren kategorian, Marcelino Islasen La caridad filmari esker. 2017an nazioartekotzen hasi zen, Manuel Martín Cuencaren El autor (Sail Ofiziala 2017) espainiar filmean parte harturik, eta emakumezko aktore onenaren Goya sarirako izendapena lortu zuen. Telebistan egin dituen lanen artean, aipatzekoak dira Capadocia, La hermandad eta, duela gutxi, Vis a vis Fox España eta Globomedia-rentzat, Altagracia pertsonaiaren rolean. Oraintsu bere ingelesezko lehenengo filma egin du Paul Anderson eta Noé Hernández aktoreekin batera, Jean Charles Hue frantses zuzendariaren esanetara.