"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Eugenia Mumenthaler Antropologiako eta Kultura Kudeaketa eta Politiketako lizentziaduna da. Genevako Museo Etnografikoan kontserbazioko laguntzailea izan ondoren, Alina Film ekoiztetxea sortu zuen 2008an, David Epineyrekin batera. Ekoiztetxearen lehenengo film luzeak, Milagros Mumenthalerren Abrir puertas y ventanas-ek (Horizontes Latinos 2011), Urrezko Lehoinabarra, emakumezko aktore onenaren saria eta FIPRESCI saria irabazi zituen Locarnoko 2011ko zinema-jaialdian, eta Urrezko Astor saria, aldiz, Mar del Platako zinema-jaialdian. Alina Film-ek ekoitzi zuen, orobat, La clé de la chambre à lessive (2013) dokumentala, munduko estreinaldia Visions du Réel zinema-jaialdian izan eta hango Grand Prix SSr saria eraman zuena. Horrez gain, ekoiztetxeak koproduzitu zituen Jean-Gabriel Périoten Une jeunesse allemande dokumentala (Zabaltegi 2015), Berlingo zinema-jaialdian Panorama saileko lehiaketari hasiera eman ziona, eta Lluís Galterren La substància, Lastor Mediarekin koprodukzioan. Milagros Mumenthalerren bigarren filma ekoitzi zuten, La idea de un lago (Horizontes Latinos 2016), Locarnoko lehiaketa ofizialean estreinatua, eta OlgaBaillifen Autour de Luisa (2017), Sao Pauloko Mostran lehiatu zena.
Duela gutxi, Pardino d’Oro saria irabazi zuten Locarnoko zinema-jaialdian Elena Lópezen Los que desean film laburrari esker (Donostiako Zabaltegi-Tabakalera sailean ere proiektatuko da), eta harekin aurkeztuko dute haren lehenengo film luzerako proiektua Ikusmira Berriak egonaldien programan.
Aurrez, mundu osoko zinema-jaialdietan –esate baterako, BAFICI, Visions du Réel, Locarno, Valdivia, Rotterdam, Palm Springs eta Zinebi– parte hartu duten zenbait film labur ekoitzi zituzten.