"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Rossy de Palma diziplina anitzeko artistak mundu osoko moda-sortzaile, musikari, artista plastiko eta argazkilariak bereganatu ditu. Antzerkia, operetak, performanceak, musikalak... Paris eta New Yorkeko areto garrantzitsuenetan aritu da Rossy de Palma, baita, oraintsuago, Milango Piccolo antzokian ere. Pedro Almodóvarren eskutik ekin zion abentura zinematografikoari; hark aurkeztu zuen mundura, La ley del deseo-n (1986an), eta haren film askotan aritu da lanean: esate baterako, Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988), ¡Átame! (1989), Kika (1993), La flor de mi secreto (1995), Los abrazos rotos (2009) eta Julieta-n(2016), berrienean.
Bitan jaso ditu Goya sarietarako izendapenak, eta nazioartean aritu da aktore-lanetan. Besteak beste, Robert Altman, Mike Figgis, Patrice Leconte, Mehdi Charef, Terry Gilliam eta Karim Dridi zuzendariekin filmatu du, eta, azken horren Hors jeu (1998) filmean betetako rolari esker, emakumezko antzezpen onenaren saria jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian. Haren azken filmetako bat Madame (2017) izan da, Amanda Sthers-ek bereziki De Palmarentzat idatzi eta zuzendua. Jadanik mundu osoan banatu da, eta besteak beste, nazioarteko antzezpen onenaren saria ekarri dio Gasparillako nazioarteko zinema-jaialdian (Florida).