"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bet Rourich argazki-zuzendariak hamar urtetik gorako eskarmentua du sektorean. ESCAC zentroan jaso zuen prestakuntza, eta Pablo Garcíaren Bolboreta Mariposa Papallona (2007) filmarekin egin zuen debuta. Filma Karlovy Varyko zinema-jaialdian aukeratu zuten. Haren filmografian lan nabarmenak daude: Rachel Tunnarden Adult Life Skills (2016) Nora Ephron sariaren irabazlea izan zen Tribecan; Elena Trapéren Blog Donostiako Zabaltegi sailean aurkeztu zen eta RTVE-Beste Begirada sariaren Aipamen Berezia jaso zuen; eta Sergi Pérezen El camí més llarg per tornar a casa-k (2014) film onenaren Gaudí saria eskuratu zuen. Egin dituen filmek zinema-jaialdietan ere parte hartu dute, besteak beste, Mosku, Toronto, South by Southwest, BFI London eta Edinburgon. Nazioarte-mailan aritu da lanean, ez Espainian soilik, baita Ingalaterran eta Danimarkan ere. Directoras de Fotografía kolektiboaren (www.directorasdefotografia.com) sortzaileetako bat da, beste 20 profesionalekin batera. Kolektiboa Zinemaldi honetan aurkeztu da lehenengo aldiz, eta Espainian lan egiten duten emakumezko argazki-zuzendariak ikusarazteko eta haien lana aldarrikatzeko sortu da (gaur egun, sektorearen % 2 dira emakumeak), industriak inklusio, aniztasun eta berdintasun handiagoa izan dezala sustatzeko.