"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ana aktore gazteak, tamalez, ezin du antzezle profesionala izan. Astelehenetik larunbatera denda batean saltzaile dabil, lanaldi erdian, eta horrekin uztartu behar ditu bere antzerki-ekoizpen txikiak, halakoren batean lekurik aurkitzen duenean. Baina orain, rol berri bat buru-belarri prestatzen dabil Ana: Shakespeareren Richard III antzezlanean Lady Ana hezurmamitzeko aukeratu dute, Madrilgo off antzoki txiki batean. Ekoizpen xumea izan arren, Anari ilusio handia egiten dio aukera horrek, baina ilusioak berehala egingo du topo antzelanaren zuzendariaren borondate gogorrarekin; izan ere, Richardek eszenatokian (metaforikoki) hertsatu, iraindu eta are umiliatu ere beharreko jostailu soiltzat ulertzen du Lady Anaren pertsonaia.