"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE fundazioak eta Donostia Zinemaldiak zinemamusikako kontzertu bat eskainiko dute aurten ere. Zinemaldiko lehenengo larunbatean, irailaren 22an, eguerdian irekiko zaizkie ateak melomano, zinemazale eta entzuleei, soinubanden interpretazio sinfonikoa eta soinubanda horiei dagozkien filmetako eszenekin egindako muntaketa bateratzen dituen ikuskizunaz gozatzeko. Fernando Velázquez orkestrazuzendari eta konpositorea izango da orkestraren zuzendaria zinema eta soinubanden topaketa jendetsu horretan.
Aurtengo Kontzertua & proiekzioa ekitaldiak hamar bat filmetarako konposatutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu “Pasealdia zineman barrena” izenburupean. Velázquezek berak konposatu ditu eskainiko diren musikaobren erdia: adibidez, Zipi y Zape y la isla del capitán, Gernika, El secreto de Marrowbone, Contratiempo—Zahara abeslariarekin batera konposatua— eta Un monstruo viene a verme filmetako soinubandak. Errepertorioa osatzeko, beste bost film hauetarako konposatutako musikaren egokitzapenak aurkeztuko dira: Locura de amor, Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas, El elegido, Todos los hombres sois iguales eta Go!azen. Juan Quintero, Zacarías M. de la Riva, Arnau Bataller, Bernardo Bonezzi eta Álvaro Carmona izan ziren soinubanda horien konpositoreak, hurrenez hurren.
Ordu eta erdiko gutxi gorabeherako iraupena izango duen kontzertu honetan Orkestrak hainbat ahots izango ditu ondoan: Go!azen euskal telesaileko hainbat abeslari, Zahara eta Kup Taldea abesbatza.
Gonbidapenak gaur arte jaso daitezke Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazioguneetan eta Boulevardeko Donostia Turismoa bulegoan, 9:00etatik 20:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera kontzertuaren egunean.
S.B.